Duela 10 urte, 2013ko azaroaren 1ean hil zen Beñat Elzo hondarribiar kirolari gaztea, Talaia bidetik korrika zihoala, Jaizkibel mendiaren kostaldean. Bi urte geroago, Elzoren lagunek bere oroimenean Mendi Lasterketa bat antolatzea erabaki zuten, eta honek datorren asteazkenean zortzigarren edizioa beteko du.

Egun horretan, Kirol Kaitik hiru proba abiatuko dira: 9.00etan lasterketaren ibilbide beretik doan mendi martxa; 11.00etan mendi lasterketa, hau da, ekitaldiaren proba nagusia, eta 12.30ean 1,5 kilometroko haurrentzako lasterketa.

Gaur egun Beñat Elzo lasterketa Sport Mundik antolatzen duenez, bildutako dirua Asociación Síndrome de Angelman elkartearentzat izango da. Oskar Lasa antolatzaileak azaldu zuenez, abenduaren 31n Sport Mundik antolatzen duen San Silvestre lasterketan jasotako dirua ere ASA elkartearentzat izango da, baita urtarrilean jokatuko den Bidasoa-Irun taldearen eskubaloi partidan eta hilabete berean egingo den bazkari solidarioan bildutako dirua ere.

Kirol probaz gain, asteazkenean herri-paella ere izango da. Izen-emateak, kamisetak eta paellaren tiketak Txiplaoko Kofradiaren dendan eskuratu behar dira.