Altzoko Imaz Bertsolaritza eskolaren 25. urteurreneko festa ospatu zuten pasa den asteburuan. Larunbatean hasi zituzten ospakizuneko zenbait ekintza, eta igandean amaitu zen ekitaldia. Imaz Bertsolaritza eskolako kideek azaldu digutenez, "emozioz beteriko asteburu bikaina" izan da. Gainera, eskolako ordezkariek baieztatu dutenez, festara bertaratu ziren "25 urte hauetan eskolatik igarotako ikasle gehienak, irakasleak, Elena Arrizabalaga, Jaione Munduate, Mila Etxeberria, Josebe Rezola, Arantxa Menendez zuzendari zein zuzendari ohiak, eskola komunitateko gurasoak, udal langileak, udalkideak eta herritar asko". Santilazpi Guraso Elkarteko zuzendaritza buruak, Estibalitz Ezeizak, gidatu zuen ekitaldia eta, ospakizunaren arrazoiak azaldu ondoren, hitza eman zien eskolaren aldi berri honen hastapenetan parte-hartze zuzena izan zuten eskolako Jexux Murua guraso eta Ane Balerdi eta Xabat Artola ikasleei, egungo irakasle taldeko Olaitz Duhau zuzendari eta Endoia Artieda ikasketa buruari, eta Altzoko alkate den Xabier Olanori.

Igandean ere, ospakizunerako tartea izan zen, ordezkaritza taldeko kideek azaldu dutenez. Agustin Amianok, Imazen pagopean antzerki herrikoi eta ibiltariaren gidoigile eta zuzendariak hartu zuen hitza eta bere lanaren zenbait pasarte eskaini zizkien bertaratu guztiei. Antzezlaneko pasarteak amaitu ondoren, talde argazkia atera eta Agustin Amiano gidoigile eta zuzendariari, Haritz Olano zuzendari-laguntzaileari eta Lerni Izagirre atonketa eta eszena prestatzaileari lore sorta bana eskaini zizkien. Imaz Bertsolaritza eskolako kideek "herritarren parte hartzeari dagokionez, zein festara bertaratutako guztiek izandako jarrerari dagokionez" asteburua "arrakastatsua eta gogoangarria" izan dela nabarmendu nahi izan dute. Aurrerantzean, "gazteen artean bertsolaritza sustatzen jarraitzeko asmoz" lanean jarraitzeko helburua ere plazaratu nahi izan dute Altzoko Bertsolaritza Eskolako langileek.