Hilaren 30ean, haurrekin pantailak nola kudeatu landuko da tailer batean Urretxun. Miren Ros adituak emango du hitzaldia, 18.00etan hasiko dena, Urretxuko kultur etxean. Parte hartu nahi dutenek hilaren 28a baino lehen izena eman behar dute, labur.eus/abG43 helbidean.

Tailer hau guraso talde batek antolatu du, Urretxuko Udalaren babesarekin. Rosek udaberrian hitzaldia egin zuen Labeaga aretoan, haurren eta nerabeen mugikorren gaineko erabilpenaren inguruan. Bertaratutako gurasoei ikastetxeetan talde eragileak eratzea proposatu zien. 40 gurasok eman zuten izena. Urriaren 3an talde eragileetako ordezkariak elkartu egin ziren, elkarlanean zer egin zezaketen azter-tzeko. Hala, aipatutako tailerra antolatzea erabaki zuten.

Urriaren 3ko bileran, hilaren 30ean egingo den tailerra antolatzea adosteaz gain, beraien sentipenak partekatu zituzten. Kezka, ezezagutza, pantailen gehiegizko erabilera eta seme-alabei pantailak utzitakoan jasotako kolpeak izan ziren aipatutako batzuk.

Sentipen horietatik abiatuta, zeregin batzuk zehaztu zituzten: talde izaera garatzea, sentsibilizaziotik eta jabetzetik abiatzea, haur eta nerabeen etapa guztietan eragin beharra, gurasoen mugikorren erabileraz ere hausnartu beharra eta beste esperientzia batzuk ezagutzea.

Udazkenean garatuko dituzten ekintzak sentsibilizaziora eta jabetzera bideratutakoak dira. Rosen tailerraz gain, hitzaldi bat antolatu dute. Gregorio Montero psikiatrak egingo du, azaroaren 21ean, Labeaga aretoan. Urte hasieran tailerraren eta hitzaldiaren bigarren zatiak egingo dituzte, tailerrean eta hitzaldian aipatutakoa praktikan jartzeko orduan izan dituzten zailtasunak partekatzeko eta estrategia berriak lantzeko.