Bihartik larunbatera bitartean, Ordiziarrock jaialdiaren hogeigarren edizioa ospatuko da Ordizian. “Ate joka dugu aurtengo Ordiziarrocka. Ia hogei urte badira, eta pozik gaude atera dugun kartelarekin eta baita egin dugun ibilbideagatik ere”, adierazi zuen Urko Ruiz de Apodakak, Ordiziarrockeko antolatzaileak, atzo burututako jaialdiaren aurkezpenean. Hogei urte hauen atzean “lan asko eta lan gogorra” dagoela jakinarazi zuen.

Pello Ramirez akordeoi eta biolontxelo jotzaile ordiziarrak eta Nacho Soto pianista asturiarrak emango diote hasiera hogeigarren edizioari. Gainerako kontzertuekin alderatuta, Ramirez eta Sotoren musika saioa “intimoagoa” izango dela ziurtatu zuen Apodakak. Lehen kontzertua D’Elikatuzen izango da, arratsaldeko 19.00etan. “Kontzertu berezia izango da, etxeko artista handi baten eskutik etorriko baita”, gaineratu zuen.

Ostiralean, lau musika saio izango dira Beti Alai pilotalekuaren kanpoaldean. Bake Faltsua izango da oholtzara igoko den lehen musika taldea. 21.30etatik aurrera Ordiziako punk rock talde honen musikaz gozatzeko aukera egongo da. 23.00etan, berriz, Zarautz herriko Ginger taldearen txanda izango da. Postpunk doinuak eskainiko dituzte Andrea, Nerea, Jone eta Imanol taldekideek. Jarraian, 00.30ean, Josetxu Piperrak igoko da taula gainera, Riber Rock Bandarekin batera. Piperrak talde mitikoaren abestiak joko dituzte. Bestalde, Balins Rock and Roll DJak frontoia girotuko du gau guztian zehar.

Larunbateko lehen kontzertua 20.00etan hasiko da. Ballon Frame taldeak hip hop eta rap doinuak eskainiko ditu. Ondoren, 23.00etan, Kerobia talde irundarra arduratuko da tokia musikaz betetzeaz, iaz osasun arazoengatik kale egin ondoren. 00.45ean, aldiz, Belako taldearen txanda izango da. Talde mungiarrak disko berriko abestiak joko ditu Ordizian. Azkenik, N-Lezz-ek pilotalekua girotuko du larunbat gau osoan.