Belaunaldi berriek jakin dezaten eta normaltasunez erabil ditzaten, herriko hitzak eta esamoldeak bildu eta hedatu nahi ditu Orioko Udalak. Horretarako beka-deialdia zabaldu du lan hori egiteko eta prest dauden gazteei zuzenduta dago. Bekadunak (taldean edo bakarka aurkez daiteke) 3.000 euro jasoko ditu eta sei hilabete izango ditu lan hori egiteko.

Lan hori egiteko eskura dauden iturriak hustu eta ondoren osatzen duen bilduma euskarri digitalean entregatu beharko dio Udalari. Hitz eta esamolde horiek aukeratzeko alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan: indar espresiboa, gazte-hizkerarako izan dezakeen erabilera, zabal hedatzeko modukoa izatea... Beka jasotzen zuenak aukeratutako ale horien zabalpenerako euskarriak diseinatu eta sortu beharko ditu eta, ondoren, horien hedapenean lagundu. Hori guztia amaitu eta gero egindako lanari buruzko memoria aurkeztu beharko dio Udalari.

18-35 urte bitarteko pertsonek har dezakete parte deialdian. Taldeka aurkeztuz gero, taldekide bat izendatu beharko da arduradun bezala. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu beharko du. Azaroaren 6ra arte aurkeztu daiteke deialdira eta aurkezten den unetik hilabeteko epea egongo da dokumentazioa aurkezteko. Aurkeztu behar diren dokumentuak www.orio.eus webgunean aurkez daitezke, oinarriekin batera. Epaimahaiaren alderdiak beka nori eman erabakitzeko ere herriaren webgunean aurki daitezke. Informazio gehiago lortu nahi duenak Orioko Udaleko euskara-teknikariarekin, Jabier Zabaleta, jarri beharko da harremanetan.