Amaitu dira Barrena parkean burutzen ari ziren lanak. Estalkia ipini da eta barruko gunea jolas berriez hornitu da. Beraz, dagoeneko erabilgarri dago Ordiziako lehen parke estalia dena.

Parke hau berritzeko ideia prozesu parte hartzaile baten harira sortu zen. Prozesu honen bitartez, Udalak Barrena parkea Ordiziako parke zentrala dela jakin zuen, herri guztiaren-tzat erabilgarria dena. Hala ere, orain Barrena parkea berritu bada ere, Ordiziako gainerako parkeak berri-tzen jarraituko du Udalak. “Horren adibide da orain gutxi Elefante parkean jarri den elementu berria ere”, azaldu zuen Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, atzo burutu zen eremu berriaren aurkezpenean.

Estalpearen lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egin ditu eta aurrekontua 317.534,74 eurokoa izan da. Joko eremua, berriz, K1 Ekopaisaia SLL enpresak egin du eta inbertsioa 94.801,28 eurokoa izan da. “Atzerapen batzuk izan dira aurreikusitako epeak betetzeko, izan ere, behar zen materiala ekartzerako orduan atzerapenak egon dira. Horregatik barkamena eskatzen dugu, baina hala ere, gaurkoa egun handia dugu parke berriaren eremua zabaldu dugulako eta herritarrek gozatu dezaketelako”, gaineratu zuen Ezenarrok.

Orain, Barrena parkearen kanpoaldean elementu handi bat jarriko da: “Honekin osatuko dugu eremu osoa, eremu oso berria”.