Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, helduntzako ikastaroak jarriko dira martxan herrian urritik aurrera. Ikastaro horietako hiru Udalak Damaso Azkue auzoan duen lokalean izango dira (marrazketa artistikoa eta margolanak; puntua; eta joskintza eta telarren tailerra) eta Basazabal formazio zentroan beste biak (barreterapia eta ongizate emozionala). Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, saioak gidatuko dituzten pertsonekin jarri beharko dute harremanetan. Marian Alberdik (telefonoa: 663 589 985) marrazki artistiko eta margolan tailerra eskainiko du. Saioak astelehenetan, ostegunetan eta ostiraletan izango dira, 10:00etatik 11:30era. Puntu ikastaroa, berriz, Mari Angeles Ibaietak (telefonoa: 657.799.460) zuzenduko du, eta saioetan parte hartzen dutenek, besteak beste, gurutze puntua, puntua eta makinako bordatuak egiten ikasiko dute. Saioak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, 15:15etik 17:15era eta 17:15etik 19:15era. Lucia Sanchezek (telefonoa: 608.574.658) bestelako eskulanen tailerrak eskainiko ditu. Joskintza tailerrean, teknika ezberdinak landuko dituzte parte hartzaileek, eta saioak ostiraletan izango dira, 10:00etatik 19:00etara. Ikasturte honetan telarren tailerra ere eskainiko du Sanchezek astearte arratsaldeetan.

Manex Beristainek (telefonoa: 635.753.985) emango du barreterapia tailerra, Basazabalen. Hilean behin izango da, arratsaldez, taldeak erabakitako egunean (astearte edo ostegunetan). Azkenik, Saioa Garmendiak (telefonoa: 655 701203) ongizate emozionaleko tailerrak gidatuko ditu hamabostean behin, ostegunetan, 18:15etik aurrera. Azkenengo hau ere Basazabal formazio zentroan izango da.