Argixao industrialdeko bidegurutzetik ospitaleko errotondaraino doan bidegorri zatia urriaren 21ean inauguratuko du Zumarragako Udalak . Aurrekontua 340.000 eurokoa izan da eta obra ekainean hasi zen. Lanak Campezo enpresak egin ditu.

GI-2632 errepidearen eskuinaldean (etxebizitzak eta tailerrak dauden aldean) errepidearen eta tailerretako bidearen artean dagoen petrila kendu da. Autoek errepide ondoan aparkatu ahal izango dute, ondoan bidegorria egin da eta bidegorriaren eskuinetara ere autoek aparkatu ahal izango dute.

Bi aparkaleku ilara egongo dira, beraz (orain arte bakarra zegoen). Horretarako, aipatutako landaredun petrila kentzeaz gain, errepidea estutu egin da. Helburua autoak polikiago joatea da. Aparkalekuan, lauzpabost autotik behin, zuhaitzak landatuko dira. Aparkaleku ilara berrian 30 autorentzako tokia dago.

Zumarragako Udalak industrialdeko bidegurutzetik gertu semaforo bat jartzeko asmoa ere badu. Autoren batek 50 kilometro orduko abiada gainditzen badu, gorri jarriko da.

Euskal Herria 29-35

Obra hau GI-2632 errepidea bulebarizatzeko proiektuaren hirugarren fasea da. Bigarren fasea ere ia amaituta dago. Lanak Irastorza etxearen parean (Euskal Herria Hiribidea 29-35) egin dira.

Etxe aurreko elementu arkitektoniko guztiak kendu dituzte eta plazatxo bat egin dute. Gainera, atari guztien irisgarritasuna bermatu da. Aurrekontua 141.000 eurokoa izan da. Obra hori ere Campezok egin du.

Euskal Herria 29-35en gauza bakar bat falta da obra bukatzeko: errepidearen ondoan dagoen petrila kenduko da eta bere tokian bidegorria egingo da.

Ondoren, Kaminpetik datorren bidegorria Eitzaraino luzatuko dute. Obra horrek (bulebarizazioaren lehen fasea) 1,2 milioiko aurrekontua du eta oraindik ez dakite noiz hasiko den. Bidegorria Elgarrestamenditik pasako da (hormaren gainetik, ez errepide ondotik). San Isidroko tunelen azpitik, herrigunera joko du.

Elgarrestamendi paretik Eitzaraino, errepidearen bi aldeetan lorategia egingo da errepidea estutzeko.

Mikel Serrano alkateak Euskal Herria hiribideko obra bisitatu zuen asteazken eguerdian. Alkateak ametsa zena errealitate bilakatzen ari dela esan zuen. Baita obra horri esker herriaren goialdea eta behaldea gertuago egongo direla ere.

Bestalde, astelehenean Jai Alai kaleko obra hasiko dela aurreratu zuen. Jai Alai berrurbanizatuko da, oinezkoentzat seguruagoa egiteko. Obra hasten denean, autoak Legazpi kaletik sartuko dira Zelai Ariztiko lur azpiko aparkalekura. Hala, Legazpi kalea bi norabidekoa izango da.

Aurrekontua milioi erdi eurokoa da eta Udalak diru-laguntza jasoko du.