Bi urte dira Tolosako Landa Garapenerako Elkarteak Udalarekin elkarlanean Auzolangiltza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera izeneko proiektua martxan jarri zuenetik. Udaleko zein Landa Garapenerako Elkarteko ordezkariek aste honetako prentsaurrekoan azaldu dutenez, “auzolanaren kultura eguneratzea eta erronka berriei aurre egiteko lankidetza, erantzukidetasuna, gizartearen inplikazioa eta talde-lana sustatzea” du helburu nagusitzat lanketa honek.
Proiektuan egindako bi urtetako lanaren ondoren, honen baitan jasotako esperientzia eta ikasbideak jasotzen dituen dokumental bat osatu du orain Tolomendik, eta, baieztatu digutenez, “Iker Iriarte alegiarra eta Pablo Dendaluze tolosarra izan dira 45 minutuko ikus-entzunezkoa honen egileak”. Gainera, azaldu dute auzolangile eta elkarte ugari direla ikus-entzunezkoaren protagonistak, eta baieztatu dute euren bizipenak jasotzen direla bertan. Zumardia Elkartea, Amezketako Antzerki Taldea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, eta Tolosaldeko, Etxalarko, Avilako edota Marokoko auzolangileak dira, besteak beste, proiektu honetan parte hartu dutenak.
Aurkezpenean egileek auzolana hitzak duen esanahiaz aritu dira solasaldian. Burutu berri duten ikus-entzunezko proiektuak ere auzolana abiapuntu hartuta honen inguruko ideiak lantzen dituela azaldu dute. “Azken urteetan auzolana hitza modan jarri da, eta hitza asko erabiltzeak berekin du hura edukiz husteko arriskua. Auzolanaren kulturak bere baitan balio sistema bat, mundu ikuskera oso bat eta antolakuntza sozial modu batzuk jasotzen ditu; beraz, ez da elkarlan hutsera edo lankidetzan aritzera mugatzen. Ohartu gara auzolanaren kontzeptuak forma berriak hartu dituela, eta ulerkerak zabaldu egin dira, baina, funtsean, auzolanak herriak, herritarrak eta komunitatea ditu erdigunean, kultura demokratikoan sakondu, herriaren identitatea indartu eta herrikideen arteko harremanak lan- tzen baititu” azaldu dute. Iraganean ez ezik, kon- tzeptu honek etorkizunean izango duen bilakaera ere jomugan jarriko du lan honek.
Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Landa Garapeneko zinegotziak aurkezpen ekitaldian auzolanak gizartean duen balioa nabarmendu nahi izan du. “Auzolana oinarritzat har- tzen duten erakunde asko daude Tolosan, eta guk, erakundeetatik, hori sustatzen jarraitu nahi dugu” azaldu du. Gaur bertan egingo dute aurrestreinaldia 19.00etan Topic Museoko aretoan. Aurkezpen ofiziala, berriz, urriaren 5ean izango da, Alegiako zinean. Ondoren, eskualdeko nahiz eskualdez kanpoko hainbat herri eta auzotan egingo dira emanaldiak.