Emakumeen memoria historikoa berreskuratu, balioan jarri eta herritarren eskura jartzeko ikerketa-beka deitu zuen udaberrian Astigarragako Udalak hirugarrenez. Edizio honetako puntuazio altuena Andrea Loinaz Maizcurrenak eta Eider Ugarte Rodriguezek aurkeztutako XX. eta XXI. mendeetan Astigarragako bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoak izandako hainbat emakume erreferente proposamena izan zen.

Hortaz, bekadunen ikerketa-lanaren helburua honakoa da: 1940. eta 2000. urte bitartean Astigarragari edozein arlotan (merkataritzan, politikan, kulturan...) ekarpen esanguratsua egin dioten emakume erreferenteen bilduma osatzea.

Emakume horiek herritarrekin elkarlanean identifikatu nahi dituzte eta horretarako ikerketa lanaren aurkezpen saioa antolatu dute irailaren 27an, 18.00etan, Astigarragako Emakumeon Etxean.

Saio horretan bi bekadunak arituko dira hizlari gisa eta ikerketaren metodologia azaldu ondoren, bi gogoeta eragin nahi dituzte: batetik, erreferente izatea zer den eta bestetik, Astigarragan nor izan daitekeen emakume erreferente. Saiora bertaratzen direnekin herriko emakume erreferenteen zerrenda sortzeari ekingo diote.

Bestetik, inkesta bat ere sortu dute, edozein herritarrek buruan duen emakume hori proposa dezan. Nahi adina emakumeren izen-abizenak zehaztu daitezke, zein alorretan egin duten ekarpena adieraziz.

Inkesta digitalean (udal webgunean) edo paperean (Emakumeon Etxean eta Erribera kulturguneko harreran jarritako buzoietan) eran-tzun ahal izango da urriaren 27ra arte. “Astigartar guztien laguntza baliagarria izango da itzalean dauden emakumeak argitara eramateko”, adierazi dute bekadunek.

Gaiari buruzko informazioa nahi duenak edo ikerketa-lan honi ekarpena egin diezaiokela uste duenak berdintasuna@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi edo 638 206 586 telefonora dei dezake ere. l