Jabetze eskolako programazioa aurkeztu du Urola Garaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Arloak eta Emakumeen Etxearen azpian mural bat margotuko duela ezagutzera eman du.

Estibaliz Ripa eta Irati Bordagarai Berdintasun teknikariek prentsaurrekoa egin zuten ostegunean Emakumeen etxean, horren guztiaren berri emateko.

Emakumeen Etxeko muralaren diseinua egiteko saio parte hartzaile bat antolatu dute urriaren 2rako. Saioa 17.30ean izango da, Emakumeen Etxean bertan (Urretxuko Pagoeta auzoa, ikastolako haurtzaindegia zen eraikinean). Prozesua Arteria-Errizomaren laguntzarekin ari dira garatzen eta muralaren diseinua Concetta Probanza artista urretxuarrarekin egingo dute. Probanza oso ilustratzaile ezaguna da eta bere lanetako batzuk Juan de Lizarazu aretoan ikusgai daude, igandera arte.

Urriaren 2ko saioan, Probanzarekin batera, diseinua burutzeko ideiak elkarbanatu eta adostuko dituzte prozesuan parte hartu nahi duten emakume guztiekin batera.

Saio horretan parte hartzeko, Berdintasun arloarekin jarri behar da harremanetan. Telefono zenbakia 943 252 389 da eta helbide elektronikoa, berriz, berdintasuna@uggasa.eus.

Prentsaurrekoan, muralaren berri emateaz gain, jabetze eskolaren urteko azken hilabeteetako egitaraua aurkeztu zuten. Zortzi tailer antolatu dituzte: Emakumeak mugimenduan; Etxeko konponketen ikastaroa; Zoru pelbikoa indartzeko tailerra; Noka; Beste urtaroa, klimaterioa; Barrez lehertzen, umore tailerra ikuspegi feministatik; Txalaparta eta Emakumeen artean minbiziaren inguruan.