Amezketako Udalak haste honetan aurkeztu du Irailaren 30ean herrian bertan antolatu den Mondejuaren eta Ardoaren Festa. Mikel Arteaga Amezketako alkateak azaldu duenez, festa honen helburu nagusia “mondejua balioan jartzea” eta “Amezketako ondare gastronomikoa balioan jarri eta indartzea” da. Gainera, festaren ospakizunak mondejuaren denboraldiari hasiera emango dio, iraila amaieratik abendu hasiera bitarte luzatzen dena.

Amezketako herriaren eta mondejuaren arteko lotura goraipatu nahi izan du Arteagak, “Mondejua eta Amezketa, zaletasuna baino gehiago delako. Kultura dago, artzaintza, baratzegintza, harremanak, ospakizuna, sukaldaritza, gozamena, transmisioa, Aralar... eta herri baten harrotasuna” adieraziz. Festa honen barruan, egunean bertan parte hartuko duten mondejugileak omendu nahi ditu Udalak. “Nahiz eta 9 diren, beraiek izango dira aurreko belaunaldietako mondejugileen ordezkari” azaldu du Aiora Aramburu turismo zinegotziak.

Festa handia irailaren 30ean 11.00etan hasi eta 15.00ak bitarte ospatuko dute amezketarrek, eta Udaleko ordezkari zein festaren antolatzaileek “gerturatu nahi duten guztiei” festaz gozatzera joateko deia luzatu nahi izan die.