1936ko irailaren 19an tropa frankistak Azpeitira iritsi ziren. Egun horren bueltan, azken urteotan egin den bezala, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean, memoria historiaren ezagutza eta zabalpenerako hainbat ekintza antolatu dituzte. Bi hitzaldi eta Loiolan bisita gidatu bat egingo dira aurten. Hilaren 19an, 15.00etan, berriz, bost minutuz udaletxeko kanpaiak joko dute, gerra bizi izan zutenen oroimenez.

Bihar, astelehena, Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak, ‘Memoria duen herria eraikitzen. Ahaztuen Oroimena 1936 Makinaldeko frontea elkartearen esperientzia’ hitzaldia eskainiko du. Testigantzen pasarteak, markinaldeko frontean emandako borrokaldiak eta elkarteak landutako gaiekin batera burututako deshobiraketak ere aurkeztuko ditu. Hitzaldia 19:00etan izango da Basazabaleko aretoan.

Hilaren 19an, 1936ko irailaren 19a gogoratzeko helburuz udaletxeko kanpaiak joko dira 15:00etan, bost minutuz. Iristen ari ziren albiste beldurgarrien aurrean, tropa frankistei beldur zieten ehundaka azpeitiarrek ihes egin baitzuten ordu horretan rolako trenean.

Bigarren hitzaldia, astezkenean izango, irailaren 20an eta ‘Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945)’ izenburupean, Ione Zuloaga Aranzadiko historialariak eskainiko du. Gerra garaian eta gerra ostean emakumeek Gipuzkoan pairatu zuten errepresioaz mintzatuko da. Horretarako, Azpeitiko zenbait kasu ere azalduko ditu. Hitzaldi hori ere 19:00etan Basazabaleko areto nagusian izango da.

Bisita gidatua

Asteari bukaera emateko, ostiralean Eusko Gudarosteak Loiolan duen oroimen gunearen inguruko bisita gidatua egingo da, Javi Buces Aranzadiko historialariak gidatuta. Bertan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena ematea komeni da: horretarako memoria@aranzadi.eus helbidera idatzi beharko da. Bisita Loiolan hasiko da memoriaren etxola parean, 19:00etan.