Biziolak, Biolur elkarteak, Goierriko Baratzak eta Zerain Dezagun Fundazioak elkarlanean, Goierriko hamalaugarren Hamabostaldi Ekologikoa antolatu dute, Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia lelopean.

Zeraingo Azoka Ekologikoak emango dio hasiera ekimenari. Bihar goizean burutuko da, Zeraingo pilotaleku estalian. Produktuak 10.00etatik 14.00ak bitartean eskuragarri egongo dira. Gainera, errezetak partekatuko dira, eta haurrek eko gailetak egingo dituzte Itsaso Olabiderekin.

Asteazken arratsaldean, berriz, familientzako sukaldaritza tailerra egingo da, Lazkaoko Biziola Fabrikan; eta hilaren 23an, Itsasoko Haristizabal baserria bisitatuko da. Irailaren 28an, aldiz, Segurako Zopazokan Zure platerean hasten da mundua dokumentala ikusgai egongo da. Jarraian solasaldiaren eta mokadutxoaren txanda izango da.

Urrian, Goierriko Hamabostaldi Ekologikoko bi ekintza gauzatuko dira: Abeltzantza ekologikoarekin dena hobetzen da bideoaren aurkezpena eta merienda-solasaldia, 4an; eta Truke Azoka, 7an. Bi jarduerak Biziola Fabrikan izango dira.

Sukaldaritza tailerrean eta Haristizabal baserriko bisitan parte hartzeko izena eman behar da, info@biziola.eus helbidean.