Pasa den ostiral goizean Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituen aukerak azaltzeko prentsaurrekoa egin zuen Andu Martinez de Rituerto alkatearekin batera. Matrikulazio epea irailaren 21ean zabalduko da, bitartean izena eman nahi dutenentzat. Euskara, bidaia harrigarria lelopean aurkeztu da ikasturte berriko eskaintza. Ainara Arakama zuzendariak euskararen garrantzian jarri du ikasturteko jomuga: “euskarak merezi duela eta ateak zabaldu behar zaizkio”.

Tolosaldeko AEK-k astearteko agerraldian azaldu zituen aukerekin jarraituz, aurten Aitzol Udal Euskaltegiak ere “maila eta modalitate ezberdinetako ikastaroak eskainiko dituela” nabarmendu zuen Arakamak ostiralean. “Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak, eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak... izango ditugu aurten ere. Azken finean, norbere beharretara egokitu ahal izateko moduko eskaintza ematea da helburu nagusia” azpimarratu zuen zuzendariak.

Horretaz gain, ikastaro presen-tzialak aurrera eraman ahal izateko, gutxienez 8 ikasleko taldeak izatea ezinbestekoa dela ere aipatu zuten aurkezpenean. Mailaren batean 8 ikasletara iristea ezinezkoa balitz ez litzateke aukerarik izango. “Horregatik, garrantzi-tsua da interesa duen oro matrikula garaian etortzea, baliabideak orain baititugu eskura”, adierazi zuen euskaltegiko zuzendariak. Berrikuntza nagusi bat ere izango du aurtengo ikasturteak: estreinakoz, 16-18 urte bitarteko gazteen-tzat diruz lagundutakoak izango dira C1 maila lortzeko ikastaroak. HABEk martxan jarritako lagun-tza honen bitartez, ikasle horiek 20 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko ikastaroagatik. Hori dela eta, interesa duten gazte guztiei informazio bila hurbiltzeko deia zabaldu zien Arakamak.

Alkateak ere adierazi nahi izan zuen ez dela gazteentzat soilik izango diru laguntza. “Euskararen erabilera eta normalizazioa areagotzeko helburuarekin, Tolosako Udalak B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen die bertan erroldatutako herritarrei; %50ekoa C1ekoei, eta %25ekoa C2koei” azaldu zuen alkateak. Prentsaurrekoarekin amaituz, Martinez de Rituertok izena emateko gonbidapena luzatu nahi izan zien herritarrei. “Euskararen bidaia harrigarrian, bidaide izaten jarraituko dugu, bidelagun gehiago pilatzen jarrai dezagun. Ea aurtengoan ere asko diren bidaia hau egitera animatzen direnak” adierazi zuen.