Ikasturteari hasiera emateko momentua hemen da irailaren etorrerarekin batera. Hori dela eta, Tolosaldeko eskualdeko herrietako euskaltegiek aste honetan bertan egin dute euskara ikasteko martxan jarri dituzten ikastaroen aurkezpena. Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k antolatu dituzte hauek eta, jakinarazi dutenez, biek dagoeneko matrikulazio epeak zabalik dituzte.

Tolosaldeko AEK-ko zuzendari den Diana de Castrok azaldu moduan, ikasturte honetan Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen izango da euskara ikasteko aukera. Antolaketa hau adostearen arrazoia “herri guztietan euskara taldeak ateratzea zaila dela ikusita, herrian ikastarorik ez duenak gehienez 10 minututara aukera izatea” dela azaldu du zuzendariak. De Castrok aste honetako aurkezpenean azaldu zuenez, eskualdeko %14a erdalduna da egun. Ikastaro hauen helburua “ez dakiten horiek euskaraz ikasi, lan egin edota aisialdian aritzeko gaitasuna izatea” dela azpimarratu nahi izan du.

Ikasketa metodoei dagokienez, aurten ere modu presentzialean eta ez-presentzialean ikasteko aukera izango da euskaltegietan, “gerturatu ezin dutenek autoikaskuntza bitartez ikasteko aukera” izan dezaten. Eta mailei dagokienez, A1 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegietan. Hau da, euskara oinarritik ikasten hasteko aukera izango da alde batetik, eta goi mailako ikasketak burutzeko aukera izango da, bestetik. Azken ikasturteetan pasa den moduan, aurten ere dirulaguntzak izango dira euskara ikasi nahi dutenentzat zenbait baldintza betez gero. Norberak bere herriko Udalean galdetu beharko ditu diru-laguntzen nondik norakoak.

Tolosari dagokionez, Aitzol Udal Euskaltegiaren esku izango dira ikastaroak, eta beharren araberako modulu ezberdinak eskainiko dituzte hauek ere. Astean aurrez aurre 10, 8, 6 eta 5 orduko ikastaroak jaso- tzeko aukera izango da. Bukatzeko, Aitzol Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k jakinarazi dute matrikulazio epeak zabaldik izango direla irailaren 20rarte.