Urteroko moduan, ekitaldi asko antolatu dituzte Urretxun jaien aurreko asteburuan. Dantza eta rockaz gain, aurtengo berrikuntza nagusia bola eta toka txapelketa izango da.

Lehen ekitaldia herri arteko folklore jaialdia izango da. Larunbatean izango da. Aurten ere urrutitik etorritako taldeek parte hartuko dute. Ipar Mazedoniako Alexandar Turendzev eta Kazakhstango Naz taldeek, hain zuzen ere. Beraiekin batera, Maragato de Val de San Lorenzo (Leon), Ligiko Dantzariak (Zuberoa) eta Lurra taldeak arituko dira.

10.00etan folklore azoka egingo dute Gernikako Arbola plazan. 13.00etan, munduko dantzak ikasteko aukera egongo da. Jaialdia 18.30ean hasiko da, toki berean. Lurra taldeko dantzari txikiek emango diote hasiera jaialdiari. Bitartean, gainontzeko taldeak kalejiran sartuko dira. Aurten ere argazki lehiaketa antolatu dute.

Gauerako Udalak eta Zarraparra kolektiboak rock kontzertuak antolatu dituzte. The Excitements eta The Bo Derek’s taldeek joko dute. Jaialdia Areizaga-Kalebarren plazan egingo dute (euria egingo balu, Gernikako Arbolako karpan). Sarrera doan izango da.

Musika jaialdia The Excitements taldeak hasiko du. 23.00etan igoko dira oholtzara. Talde kataluniar honek rythm’n’blues eta soul estiloak lantzen ditu. Ondoren, 0.30ak aldera, The Bo Derek’s talde galiziarrak joko du. Rock-and-roll talde honetako kideek ere esperientzia handia dute.

Iganderako, bola eta toka txapelketak eta Adineko Pertsonen Eguna antolatu dituzte. Txapelketak Gernikako Arbola plazan jokatuko dira, 11.00etatik aurrera. Bola txapelketan parte hartzeko 5 euro ordaindu behar da eta toka txapelketan parte hartzeko 3 euro. Onenek sariak jasoko dituzte.

Adineko Pertsonen Egunari dagokionez, 11.30ean korporazioak eguneko zentroa bisitatuko du. 12.15ean Aterpe jubilatuen egoitzen bertaratutako edadetuenak omenduko dituzte. Ondoren, elizara joango dira Lizarriturri txistulari taldekoek lagunduta. 12.30ean meza egingo dute. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute. 14.15ean Ederrenara joango dira bazkaltzera. Bazkalostean dantza lehiaketa eta animazio ekintzak egingo dituzte, DJ Tirapuren eskutik.