Udala eta UEMAren laguntzarekin, aste honetan abiatu dute Orioko ikastetxeek euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko programa. Programa honen bidez, bide berriak bilatuko dituzte euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko, parte aktiboa izan daitezen.
Bi helburu nagusi ditu: batetik, ikastetxeetan euskara izatea komunikazio-hizkuntza, orain arte izan den bezala, eta, bestetik, euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideei tresnak ematea, ulermena errazteko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.
Orioko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Zaragueta Herri Eskolak eta Herri Ikastolak abiatu dute programa eta abiapuntua hezkuntza-komunitatea bada ere, aurrera begira, herrira zabalduko dira egiteko modu berriak.
Aipatutako programaren gako nagusienak hauek dira: Orio euskaraz bizi den herria da eta horrela jarraitu nahi du. Orioren tankerako herri euskaldunak erabakigarriak dira euskarak iraun dezan. Guraso batzuek ez dakite euskaraz eta horien parte-hartzea bermatu behar da. Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko harremanak sendotu nahi ditu programak (konplizitatea landuko du, jarrera adeitsu eta eraikitzaileekin eta, horretarako, ezinbestekoa da espazioak konpartitzea). Azkenik ikastetxeetan tresna egiteko modu berriak abian jarriko dituzte (aldibereko itzulpenak, talde-dinamikak...).
Ikasturte honetan ekingo diote programari eta hamar laguneko talde eragile bat sortu dute programa bideratzeko. Ikastetxeetako gurasoei programa azaltzeko bilera bat egin zuten atzo Zaragueta Herri Eskolan eta Orioko Herri Ikastolan astelehenean egingo dute 18.00etan. Saioan aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniara (itzulpena jaso nahi dutenek Telegram aplikazioa instalatu beharko dute eta aurikularrak eraman).
Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatzen ari dira azken urteotan eta horrek eragin zuzena du eskoletan. Erronka nagusti bati erantzun behar diote: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitatean, betiere euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.
Iazko ikasturtean proba pilotu bat abiatu zuen UEMAk Zaldibian, Aizarnazabalen, Ondarroan, Leitzan eta Ibarran.