Aretxabaletako Udal Gobernuak udal aurrekontuan aldaketa batzuk egin ditu “epe motzeko beharrei erantzuteko”; zehazki, 154.000 euroko partida bideratu du hainbat ekimen aurrera eramateko. “Martxan zeuden proiektuak hobe-tzen eta are eta eraginkorragoak izan daitezen lanean ari gara Gobernuko kideak zein udal langileak; baita egitasmo berriei ekiteko”; adierazi dute EH Bildutik.

Baterako zein besterako dirua izateko zenbait kreditu aldaketa egin dituzte. Pausoka haur eskolarako, esaterako, 73.000 euro gehitu dituzte, irailetik aurrerako zerbitzuan abian jarriko diren aldaketei aurre egiteko. Jaietako partidan, aldiz, 5.000 euro gehiago jarri dira “hurrengo hilabetetako ekintzei erantzun ahal izateko”.

Bestalde, kaleko eserlekuak mantentzera 9.000 euro gehiago erabiliko dira, eta usoak “kontrolatzeko” 5.500 euro ere bideratu dituzte. Gainera, Iturrigorri pilotalekuan hondatuta dauden fokuak aldatzerakoan LED sistemara jauzi egingo dela aurreratu dute. Horretarako, 13.500 euroko partida berri bat sortu da.

Horrekin guztiarekin batera, gizarte larrialdietarako laguntzen “beharrak handitu” egin direla ikusita, eta dauden eskaerei aurre egiteko 15.000 euro gehiago sartu dituzte partida honetan. Berdintasun saileko ekintzak bultzatzeko beste 10.000 eurorekin indartu da aurrekontua, eta hirigintzako proiektu berrietarako 20.000 euro gehiago aurreikusten dira.