Doneztebe plaza eta Landetxe lotzen dituen Yon Oñatibia kalea eraldatzeko proiektua abian du Oiartzungo Udalak. Bi toki hauen arteko lotura indartu eta hobetu nahi du, oinezkoen joan-etorria errazteko.

Izan ere, oinezkoentzat izango da aurrerantzean bidea. Xorrola eta taxiak bakarrik pasako dira bertatik eta hor izango dute geltokia.

Bide guztia berritzeko lanak martxan daude. Espaloiak aldatu eta errepidearen kota berean egingo dira. Lorategian ere konponketak egingo dira: eserlekuak berritu, paretak txukundu eta barandak jarriko dira.

270.900 euroko aurrekontua du proiektuak eta irailerako amaituta egongo da.

Bestalde, mantentze lanak egin ditu Udalak Euskal Herria plazako aparkalekuan. Bertako argiak berritu dira eta plazako haur parke inguruko dilatazio juntak ere aldatu dira, filtrazioak eta itoteak ekiditeko.