Usurbilgo Udalak 2023-2024 ikasturtean haur eskolara bideratuko duen diru kopurua handitzeko kontratu aldaketa onartu zuten, aho batez, azkeneko osoko bilkuran.

Aipatu zutenez, udal haur eskolaren doakotasunera bidean aurten egindako bigarren urratsa da. Izan ere, maiatzeko osoko bilkuran onartu zituzten familiek zerbitzuagatik ordaindu beharreko prezio publiko berriak, Udalak familien kuotaren %62 bere gain hartzeko konpromisoaren ondotik ezarritakoak.

Kontratu aldaketa urtebeterako neurria izango da: hurrengo ikasturteetan zer bide jarraitu erabakitzeko bideak aztertzen ari dira, eta abendurako erabakiren bat hartua izan nahi dute.

Gogorazi zutenez, Eusko Jaurlaritzak Partzuergoko haur eskoletan doakotasun unibertsala ezar-tzeko erabakia hartu zuen, baina hortik kanpo utzi zituen udal haur eskolak, horietara bideratutako diru kopurua bere horretan mantendu baitu. “Horrek Usurbilgo familiak diskriminazio egoeran uzten ditu: inguruko herrietan doako haur eskolak bermatuko diren bitartean, Usurbilen ez baitzen hala izango”, adierazi zuten udal arduradunek.

2023-2024 ikasturtean 72 haur matrikulatu dira: azken urteotako zenbakirik altuena da, ume kopuruz zein zerbitzuaren kontratazioan. Horren arabera, beraz, Udalak 2.700 euro bideratuko ditu, haur bakoitzeko: 200.000 eurotik gora, aurreko urtean baino 120.000 euro gehiago. Udalari suposatzen dion “esfortzu ekonomikoa” handia dela nabarmendu zuten.

Bestalde, familientzat diru-sarreren arabera ere hobariak daudela azpimarratu zuten.