Astigarragako Gure Izarra elkartea herriko zaharrena da eta osasuntsu iritsi da mendeurrenera. Gure Izarra elkarteak iaz 100 urte bete zituen eta zuzendaritza-batzordeari mende horretako historioa bilduko zuen liburua egitea egokituko zitzaien.
Liburuak nork egin behar zuen eta Lourdes Odriozola historialariaren izena etorri zitzaien burura. Berak jadanik Astigarragarekin lotura zuten beste lanak eginak zituen, Kontxa Etxeberriaren liburua adibidez. Artxiboetan arakatzen eta adineko pertsonen testigantzak biltzen Gure Izarra (1922-2022): Historia Handiko Elkartea liburua ondu du. Ostiralean aurkeztu zuten.
Astigarragako gazte talde batek sortu zuen Gure Izarra elkartea 1922an, garai hartan Europan zabaltzen ari zen futbolean aritu ahal izateko. Taldea Astigarraga eta inguruko gazteek osatzen zuten, eta oso garrantzitsua izan zen. Futbol taldeaz gain pilotarien saila sortu zen berehala, Gure Izarraren izenean inguruko beste talde federatuekin lehiatu zena.
Hasiera indartsu eta distiratsu horren ondoren, diktadura militarrak ilundu eta itzali egin zuen Gure Izarraren jarduna ere.
1952an Gure Izarra berriro agertu zen bere estatutuen aldaketarekin eta, lehen aldiz, bere bazkideak elkartu ahal izateko egoitza batekin. Elkartea pixkanaka hazten eta indartzen joan zen. 1962an, besteak beste, bazkide izan nahi zuten herritarren eskaerei erantzuteko, Norberto Almandoz plazara eraman zen elkartea, plaza horretan 70 urte baino gehiago daramatza.
Gure Izarra benetako dinamiza-tzaile herrikoia izan da. Futbola, pilota, ehiza, ehiza-txapelketak, toka, musa, txirrindularitza, lehiaketa gastronomikoak, omenaldiak, jaiak eta sagardogintza antolatu, bultzatu eta sustatu ditu. Gaur egun ere horretan jarraitzen du, beste elkarte eta talde batzuekin lankidetzan.
Liburuak eskuratu nahi duenak elkartearekin edo Udalarekin harremanetan jarri behar du.