Astelehenetik aurrera badute jaietaz gozatzeko beste aukera bat Donibaneko San Joan jaiak motz geratu zitzaienei, barrutiko herriko jaiekin. Pasaian antolatzen diren luzeenak dira, zortzi egunetako egitaraua prestatu baitute. Programa osoa udal webgunean ikus daiteke.

Santio bezperan, uztailaren 24an, arratsaldean hasiko dira eta San Inazio egunera arte, uztailaren 31ra arte iraungo dute. Aurtengo txupinazoan Donipari areto futboleko taldea omenduko dute, Hirugarren mailara igotzea lortu duelako.

Honenbestez, Santiago egunean (uztailak 25), herriko plazan 18.30ean dantza sueltoko txapelketa izango da eta ondoren herri kirolak hasiko dira.

Santa Ana egunean (uztailak 26) ohitura denez, 11.00etan Meza Nagusia Santa Anako ermitan dago eta ondoren, salda eta pintxo dastaketa izango da txistulariekin. 9.30ean ezinduak beren etxeetan jaso eta ermitara eramateko zerbitzua egongo da.

Uztailaren 27an, San Pantaleon egunean, 19.00etan sardina jana izango da herri osoan. Uztailaren 28an goibeherak egongo dira, 29an kuadrillen eguna izango da, 30ean barrikotea egingo da eta 31n bateleren desfilea izango da.

Udaletik ohartarazi dutenez, Donibaneko jaien egitarauaren barruan, uztailaren 25ean eta 31n 8.00etatik 9.00etara sokamuturra izango da Donibane kaleko 19. zenbakitik (Arizabalo) Santiago plazaraino.

Tarte horretako bizilagunei eska-tzen zaie ekitaldian zehar ez daitezela kalera atera eta larrialdi bat izanez gero, Pasaiako Udaltzaingoarekin edo SOS Deiakekin harremanetan jar daitezela.

Eusko Jaurlaritzaren arauak jarraituz, 16 urte baino gutxiagoko adingabekoek ezingo dute parte hartu.

Era berean, ez dute parte hartzerik izango alkoholdun edarien eraginpean, edo substantzia estupefaziente edo psikotropikoen mendean daudenek edo borondatezko gaitasuna murriztua dutenek.