2021eko urtarrilean Klik eta Jaso takilak jarri zituen Zumarragako Udalak plazan. Takilei esker, saltzaileek bezeroen enkarguak bertan utzi ditzakete eta erosleak ondo datorkienean pasa ahal dira jasotzera. Orain, takila zaharra geltokiko plazara eraman dute eta azokan, igogailu berriaren ondoran, elikagai galkorrentzako balio duten takilak jarri dituzte. Gainera, hemendik aurrera takilak herriko merkatari guztiek erabili ahal izango dituzte, ez azokakoek bakarrik.

Armairu berriak 18 takila ditu eta guztiak hozkailuak dira. Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu zituen ostegunean.

Maizak egitasmoa pandemia garaian sortu zela gogoratu zuen. “Pandemia garaian hasi ginen, aurrez aurre lan egitea zailagoa zenean, Aldundiaren laguntzarekin. Takilei esker, azokara etorri ezin direnak, bertako produktuak nahi dutenean jaso ditzakete. Webgune bat sortu genuen, zumarragakoazoka.eus, eta bertan egitasmora atxikitutako saltzaileen zerrenda ageri da. Erabilpena oso erraza da. Saltzailearen eta eroslearen arteko harremana zuzena da. Saltzaileak kode bat sortzen du eta kode horrekin erosleak dagokion takila irekitzen du”.

Egitasmoaren helburua herriko ekonomia dinamizatzea dela gehitu zuen. Takilak jartzeaz gain, Udalak azoka gunea txukundu du, Soraluze kalea eta plaza berritu ditu, igogailua jarri du, azokaren irudia sortu du…

Orain, takila berriak jarri dituzte. Elikagai galkorrentzako balio duten hozkailuak dira. “Takila hauek harakinek eta arrain saltzaileek ere erabili ahal izango dituzte. Arrandegiek goizez bakarrik irekitzen dute eta goizez joan ezin direnek arraina takilan jaso ahal izango dute”, azaldu zuen Maizak.

Takila berriak 20.000 euro balio du. Udalak Next Generation funtsen laguntza jaso du takila erosteko.

Orain arte azokako saltzaileek bakarrik erabili zitzaketen Klik eta Jaso takilak. Hemendik aurrera, Zumarragako gainontzeko merkatari guztiek erabili ahal izango dituzte. “Egun, azokan 51 postu daude. Horietatik 19 baserritarrenak dira. 51 postu horietatik, 20k Klik eta Jaso egitasmoan parte hartzen dute. Kanpaina egingo dugu ahalik eta merkatari gehienek parte har dezaten. Eta egitasmora atxikitako guztiek Klik eta Jaso egitasmoari buruzko eskuorria banatuko diete bezeroei”.