Síguenos en redes sociales:

Uztakale programako azken ekitaldiak aste honetan izango dira

Mila Modu eta Loak taldeek kontzertua egingo dute gaur, 19.00etan, Karibe Zaharra tabernako plazatxoan

Legazpiko Udalak aire librean egiteko ekitaldi sorta antolatzen du urtero, uztailerako. Programak Uztakale du izena. Aurtengo edizioa aste honetan amaituko da. Gaur kontzertua egingo dute, bihar antzerkia eta etzi bertso-poteoa eta argazki emanaldia.

Gaur Oñatiko Mila Modu eta Legazpiko Loak taldeek kontzertua egingo dute. 19.00etan izango da, Karibe Zaharra tabernako plazatxoan. Eguraldi txarra egiten badu, Azoka gunean egingo dute.

Biharko kale antzerkia antolatu dute. Bea Larrañagak Bonba bat naiz lana antzeztuko du. Antzerki emanaldia 19.00etan hasiko da. Laubide kalean izango da. Eguraldi txarra egiten badu, Azoka gunean egingo dute. Antzezlan hau gazteentzat zein helduentzat aproposa da.

Aurtengo Uztakale programako azken ekitaldiak ostiralean izango dira. 19.00etan, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek bertso-poteoa egingo dute. Erdiguneko kaleetan abestuko dute. Ekitaldi hau Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolaren eskutik antolatu dute.

Azken ekitaldia 22.30ean izango da, Azoka gunean. Ikatza argazkilari elkarteko kideek laugarren eta azken ikus-entzunezkoa eskainiko dute. Oraingoan bidaietan ateratako argazkiak erakutsiko dituzte.

Aurtengo Uztakale programa ekainaren 26an abiatu zen. Azken hiru asteetan haurrentzako jolasak eta tailerrak, apar festa, disko festa, kale antzerkia, dantza ikuskizuna, hondarrezko eskultura tailerra eta kontzertuak egon dira, besteak beste.