Lasarte-Oriako herriak gogo handiz bizitzen du Santa Ana eguna, uztailaren 26a. Ohitura handiko festa izaten da. Egun horretan parodia antzezten da, baina, lehenago, igandean, artisau azoka antolatuko da.

Honenbestez, datorren igandean Okendo plazan 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara herriko artisau guztiek bere postua jarriko dute. Guztira 27 postu egongo dira, bai elikagaiekin, baita beste produktuekin ere.

Gainera, egun guztian zehar galtzeko arriskuan dauden ogibideen erakustaldiak eta tailerrak egongo dira: ehoziriak, zapatagileak, bitxiak eta egurrezko tresnak.

Umeentzat bereziki zuzendutako tailerrak ere egongo dira: erroskillak, landareak, buztina eta txalaparta jotzen ikasteko tailerra.

Aurtengoa 38. edizioa da. Atzoko agerraldian Udaletik gogorarazi zutenez, duela urte batzuk arte Sendoki elkarteak antolatzen zuen urtero-urtero zita hau, baina belaunaldi berrien ordezkapenik ez zutenez aurkitu, antolatzen utziko zutela esan zuen.

Udalak azoka honek zuen ohitura eta garrantzia kontutan izanik, ekitaldi honekin jarraitu behar zuela erabaki zuen. Duela hiru urte kontratatu zuen lehen aldiz Servicios Globales enpresa. Lanarekin oso gustura gelditu zirenez, aurten ere beraiekin jarri dira kontaktuan.

Azokaren informazio guztia eta herriko artisautzekin harremanetan jartzeko kontaktua santaanalasarte.com webgunean aurki daiteke.

Bestalde, urtero bezala, hilaren 26an, Santa Ana eta San Joakin egunean, Ttakun elkarteak prestatzen duen parodia ikusteko aukera egongo da Okendo plazan 20.00etan. Bertan, aktore boluntario taldeak ikasturtearen errepaso umoretsua egiten du.

Herrian puri-purian izan diren hainbat gai hartuta prestatu dute gidoia Julen Basterrak, Juan Luis Eizmendik eta Pablo Barriok.

Parodiaren arduradunek aditzera eman dutenez, “parodiaren eguna hurbildu ahal emango dituzte antolatzaileek xehetasun gehiago, besteak beste, nortzuk izango ote diren aurtengo akusatuak. Pertsonaia bitxiz osatutako tribunalak sutara bidali edo ez erabaki beharko du”.

Hauek ez dira izango Santa Ana egunaren bueltan antolatuko diren ekitaldi bakarrak: Aterpeak beste urte batez pintxo ibilbidea prestatuko du eta 26an Loidibarren frontoian 40. Pala Txapelketaren finalak jokatuko dira.