Uztailaren 21ean hasi eta abuztuaren 2ra arte izango da zer ikusi eta zertaz gozatu Azpeitian. Umeen Eguna, Baserritar Eguna eta Saninazioak bata bestearen atzetik datoz. Ia 100 ekitaldirekin disfrutatzeko aukera izango da Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak azaldu zuenez egitarauen aurkezpenean. Odriozolak eskerrak eman zizkien ere jaien antolaketan dabiltzan eragile eta norbanakoei. “Herritar eta bisitariek festaz gozatu ahal izateko beste azpeitiar asko eta asko ibiltzen dira festen antolaketan lanean. Norbanako, eragile eta udal langile guztiak eskertu nahi ditut, guztien lan eta koordinaziorik gabe ezinezkoa izango zelako antolatu dugun egitaraua antolatzea”.

Jaien aurkezpena erasorik gabeko festen aldarrikapena ere izan zen. Uztailean, Bai da bai legearen inguruko hitzaldia antolatzeaz gain, erasoen aurrean festa guneetan nola jokatu behar den azaltzeko protokoloa egokitu eta azalpenak emateko erronda egin da. Guzti hau helburu batekin: “Saninazioak, denok gustora, libre eta seguru pasatzeko dira, eta denon esku dago horrela izatea. Arretaz ibil gaitezen inguruan gertatzen denaz ohartzeko, zerbait somatuz gero erasoak aurreikusi eta lagun- tzeko, babesteko eta arreta eskaintzeko”.

Umeen Egunarekin emango zaio hasiera jaietako programari. Besperan, hondar eskultura tailer bat zuzenduko du Andoni Bastarrikak plaza Nagusian eta Kodaore Judo Klubeko kideak ikuskizun baten protagonistak izango dira toki berean 19.00etatik aurrera. Umeen Eguna larunbatean ospatuko da. Dultzainaren soinua eta erraldoien irudiak Azpeitiko kaleen jabe egingo dira goizean zehar. XX. Azpeitia Hiria Rallya ere presentzia izango du egitarauan eta zer esanik ez umeek. Ondo pasa-tzeko aukera izango dute Azpeitiko haur eta gaztetxoek larunbatean: bazkaria, jolasak, kalejira eta Oihan Vega dj-aren saioa. Nogen taldearen kontzertuarekin bukatutzat emango da Umeen Eguneko programa.

Uztailak 25ean, Santiago eguna, Baserritar Eguna ospatuko da. Ganadu azoka, gazta eta sagardo lehiaketak eta errekortari txapelketa kaleetan milaka pertsona bilduko dituen egitarau zabalaren parte dira. Ondoren, San Inazio jaien hasierarako atzerako kontaketa hasiko da. Hasiera ofiziala uztailaren 30ean izango da, 12.00etan, txupinazoaren jaurtiketarekin. Adinekoen zaintzaren arloan lan egiten duten lau emakumek piztuko dute saninazioak hasi direla iragarriko duen suziriaren metxa. Hala ere, uztailaren 28an eta 29an hainbat ekitaldi izango dira Azpeitin.