Bost aste luze ondoren, Usakoko putzuan bainua librea da berriro ere, baina ez da guztiz gomendatzen. Horrela adierazi du Osasun publikoak gaur. Atzo hartutako ur laginen emaitzek, adierazi dute oraindik bakterio kontzentrazio maila altuko urak direla, nahiz eta nabarmen jeitsi egin diren. Beraz, uretan sartzea ez da gomendagarria, eta bainatu nahi izanez gero arau batzuk bete beharko dira, esaterako putzutik irten eta dutxa bat hartzea.

Jendeak begi onez ikusi du debekua kentzea, baina oraindik zuhurtziaz jokatu beharko dute Oñatiko putzura gerturatzen direnak. Arratsaldeko lehen orduetan egin duen beroaren erginez, bertaratu direnak uretara salto egin dute, beste askok aldiz Usakora gerturatu dira, arratsaldea pasatzera.

Duela hilabete bat, Oñatiko udaletxeak bainua debekatuta zegoela adirazten zuen kartel ugari ipini zituen putzuaren inguruan, uraren kalitatea eskasa zela argudiatuz. Orain dela aste bete baino gutxiago, bigarrenez azterketa ez zuen gainditu, beraz itxita mantendu da, gaurko emaitzak jakin diren arte.

Ikustear dago, zazpi egun barru hartuko diren ur lagin berrien emaitzek, bakterio mailen kopurua jeitsi dela adierazten duten. Ondoren hartuko dira erabaki berriak. Kasurik okerrenean Usakoko putzua berriro ere itxita geratu daiteke. Bainu-hartzaileen esku dago, baina bada ez bada ere sorosleak han izango dira gomendioak helarazteko.