Arditurri Eguna ospatuko da bihar hiru urteko etenaren ondoren. Aurtengo edizioa emakumeek meatzaritzan izan duten presentzia eta egindako lana ikusarazi eta balioan jartzeko baliatu nahi izan dute.

Horretarako, Aitzindariak, ikatzaren emakumeak erakusketa ikusteko aukera izango da bihar eta uztaila guztian zehar. Argazki eta testigantzen bidez Asturiasko meatzeetan emakumeek egindako lana jasotzen du. Hilabete osoan zehar egongo da erakusketa bisitatzeko aukera (17an eta 24ean izan ezik), 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara. Igande eta jai egunetan goizez bakarrik bisitatu ahalko da.

Erakusketaz gain, meatzeetan emakumeek ere egindako lana isla-tzeko mural erraldoia egiteko proiektua martxan dago. Alaia Gaztelumendi artistak egingo du Arditurrin bertan. Datozen hilabeteetan joango da murala osatzen eta bihar azalduko du proiektua, 10.30ean.

Egitarau zabala antolatu dute Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak. Programa 10.30ean hasiko da eta bazkalordura arte iraungo du. Ekintza guztiak doakoak izango dira eta sarrerak tokian bertan hartu beharko dira.

Itxita egoten den Arditurri 3 erromatar garaiko meatze galeria ikusteko aukera ere izango da.