Seigarren urtez, Txingudi Rugby Clubak Hondarribia Rugby Beach ekitaldia antolatu du datorren larunbatean. Txapelketa goizeko 10.00etan hasiko da, prestatuko dituzten bi zelaietan, eta eguerdira arte iraun dezan aurreikusten da. 11.30ean, atsedena egingo dute talde guztiek errugbi barneratzaileko jokalarien erakusketari tartea emateko.

Aurten, parte-hartze errekorra izango da hitzorduan. Izan ere, jatorri ezberdinak dituzten 19 talde bertaratuko dira, eta hiru maila ezberdinetan sailkatuko dira lehiaketarako. Txapelketa irekian, talde mistoak eta gizonezkoenak bilduko dituena, 9 alderdi izango dira lehian, 5 emakumezkoenean eta beste 5 beteranoenean.

Goiz osoan zehar, errugbiaz harago, ikusleek pasealekuan egongo diren taberna eta merchandising-postura gerturatzeko aukera izango dute, eta amaieran, jokalariek hirugarren denbora eta sari banaketa izango dituzte.

Beste hitzorduari dagokionez, igandean 18.00etatik aurrera, Dies Oiassonis festibalaren egitarauaren barruan, Txingudi Errugbi Taldeko kideek Harpastum (erromatar legionarioek jokatzen zuten pilota-jokoa) txapelketaren ikuskizuna eskainiko dute Irungo San Juan plazan.