Aner Peritzek irabazi du 39. Basarri Bertsopaper saria. Zarauztarrak bigarren urtez jarraian lortu du sariketan gailentzea. Iaz, Zopa hozten ari zaizu bertso sortarekin irabazi zuen.

Epai-mahaia Uxue Alkortak, Andoni Egañak eta Nahikari Gabilondok osatu zuten eta bertan, Peritzen Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako izeneko bertso-sorta saritzea erabaki zuten. “Gure aburuz, bertso onak dira eta gaiari heltzeko iksupegian eta doinuak markatzen duen erritmoan sortako protagonistaren uneko sentsazioak adierazten asmatu du Peritzek. Elementu asko sartu ditu egoera oso bisuala egiten laguntzen dutenak”, adierazi zuten epaimahaiek.

Parte-hartzeari dagokionez, honakoa azaldu zuten: “Aipatzekoa da parte-hartzaile kopurua pixkanaka-pixkanaka gora egiten ari dela berriz eta, oro har, maila oneko sortak izan direla. Bereziki nabarmendu nahi dugu zenbait-sortatan hitanoa erabili izana, eskertzen baita euskarak hain berea duen erregistro hori bertso idatzietara ekartzea”.

Saria emateko ekitaldi bat antolatu du Zarauzko Udalak. Bertso Astearen testuinguruaren baitan egingo da datorren ostegunean gaueko 22.00etatik aurrera Torre Luzeako parkean. Bertan, sarituak bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztuko du eta saria jasoko du Udalaren eskutik.

“Mezua sanpelaioak amaitu eta hurrengo egunean jaso nuen, poza sentitu nuen; horren ondoren deitu egin zidaten. Gustora bidali nituen bertso-sortak. Ez nuen esperantza askorekin bidali, zalantzak nituen. Bertsotan orain arte ikutu ez diren gai batzuk landu ditut eta ariketa tekniko bat ere izan da neurri batean, izan ere, doinu berezi bat hartu dut eta jolasak egitea izan da niretzat ariketa nagusia”, adierazi zuen Peritzek.