Larunbat honetan Ordiziako Emakumezkoen II. Klasikoa ospatuko da, 09: 00etatik aurrera. Txapel Gorri elkarteak, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, txapelketa honen bigarren edizioa antolatu du, iaz izandako arrakastaren ondoren. 2022an irailaren 11n jokatu bazen ere, 2023an Santa Ana jaien data aurreratu da.
Lehiaketa honen helburua "emakumeek kirolean duten ikusgarritasuna areagotzea da", adierazi zuen Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak txirrindularitza lasterketaren aurkezpenean. Alvarezekin batera Patxi Garmendia Txapel Gorriko presidentea eta Kike Mokoroa kirol teknikaria izan ziren.
Gaur, Emakumezkoen Klasikoak lau maila izango ditu: 23 urtez azpikoak, elitekoak, kadeteak eta juniorrak. Bakoitzari irteera-ordutegi desberdina dagokio. 23 urtez azpikoak eta elitekoak 09: 00etan irtengo dira, eta 10:35 aldera iritsiko dira helmugara. 63.1 kilometroko ibilbidea egingo dute: Ordizia, Alegi, Ordizia, Alegi, Amezketa, Abaltzisketa, Larraitz, Zaldibia, Ordizia.
Kadete eta Junior mailei dagokienez, 51 kilometroko ibilbidea egingo dute: Ordizia-Alegi-Ordizia-Alegi-Altzo-Alegi-Ordizia. Irteera 11: 15ean izango da. Helmugara 12: 40an iritsiko dela uste da.
Txapel Gorrik eta Ordiziako Udalak emandako datuen arabera, 102 emakumek hartuko dute parte aurtengo Ordiziako Emakumezkoen Klasikoan.
Danborrada balkoitik
Ordiziako Udalak uztailaren 24ko danborrada tradizionala udaletxeko balkoitik ikusteko aukera ematen du; izan ere, zozketa bat jarri du martxan. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 17a baino lehen eman behar dute izena Udaleko Herritarren Arretarako bulegoan edo komunikazioa@ordizia.eus helbidera idatziz. Halaber, izen-ematea telefonoz egiteko aukera dago: 688 75 26 47.