Udalak hirian zehar jarri berri dituen komun publikoen irekiera hasi da. Instalatzeko obrak eginda daude, eta azken baimenen esperoan, sei komun berrietatik bi ireki egin dira, Molla Ibilbidekoa eta hondartzakoa, hain zuzen ere, eta gainontzekoak datozen egunetan zabalduko dira.

Sei komun kabina dira, autogarbigarriak, erabilera mistokoak, eta mugikortasun urritua duten pertsonei egokituak. Guztiek kanpoaldean pixaleku anizkoitza eta babes manpara izango dituzte. Erabiliko diren materialak kalitate handikoak, iragazgaitzak, erasoen aurkakoak, eta higadurarekiko erresistenteak izango dira.

Amuteko kirol gunearen ondoko komunari dagokionez, Iberdrolak kontadorea jartzea falta da, eta Guadalupeko Santutegiaren atzekaldekoan azken frogak egiten ari dira. Bestalde, Udal gobernutik jakinarazi dutenez, Martxoak 8 plaza eta Mendeluko komunei dagokionez, kokapena egokiena den edo ez azter-tzen ari dira, lekuz aldatzea bideragarria den jakiteko. “Ahalik eta azkarren azterketa horren emaitzen berri izatea espero dugu, erabakia hartu ahal izateko”, adierazi dute.

Komun guztiak irekitzen direnean, Hondarribiak hamar komun publiko izango ditu hirian zehar, auzo desberdinetan banatuak.