Azken egunetan Estatu mailako artista onenetarikoen sormen egonaldia izan da Topic museoan. Valentziako Vudú konpainiak, Mots de Tete taldeko kideekin batera Tolosan egin ditu azken egunak, elkarlanean burutzen ari diren lan berriaren sormenerako egonaldia eginez. Vudú konpainiak txotxongiloak, antzerki fisikoa, itzalak eta objektuen antzerkia, poesia bisuala eta hitza nahasten dituzten ikuskizun propioak sortzen ditu.

Tolosan pasa duten egonaldian konpainiako zuzendari den Nelo Sebastianek sortzen duten ikuskizun motaren eta izan duten eboluzioaren inguruan hitz egin du. “Txotxongiloen munduari ekin diogu beti, objektuen eta itzalen antzerkiari erreparatuz. Ni antzerki fisikoko prestakuntza batetik nator, eta horregatik nahasten ditut ezagutzak. Bereizgarria da, halaber, formatu txikiko ikuskizunekin hasi garela, bat, hiru, bost ikuslerentzat, eta, pixkanaka-pixkanaka, handituz joan garela, haur, heldu eta familiakoengana iristeko” azaldu du.

Gaur egun Valentziako konpainia Mots de Tete taldearekin Oráculo FM ekoizpen berria sortzeko koprodukzio lanean ari da. Mots de Teteko kideak Eric de Sarria eta Philippe Genty dira, eta hauek ere izan dira Topic-en. Elkarlanean sortu duten ekoizpenak hasiera batean hamar minutu irauten zituen eta Valentziako festibal batean estreinatu zuten. Ondoren, hamabost minutura luzatu zuten eta gaur egun sorkuntza eta garapen-fasean daude pieza luze gisa aurkeztu ahal izateko.

Tolosan egonaldia egiteaz gain, beste hainbat tokitatik ere pasa dira artista hauek sorkuntzaren bidean. Teruelen aritu dira lanean, eta Fran-tziara ere egin dute bidaia, Philipe Genty-ren lokalera. Hala ere, Eric de Sarria interpreteak baieztatu duenez Topic-en egindako egonaldia nabarmentzen dute guztien gainetik. “Egoitza bat baino gehiago egin ditugu, baina hau bezalakorik ez. Sor-tzen ari zaren bitartean elkarrekin bizitzeko aukera ematen dizun egoi-tza bat, txotxongiloz inguratuta, museo batekin, antzerki batekin…” azaldu du.

Oráculo FM emanaldia Oporton izan da pasa den asteburuan, eta orain Torinora joango da urrian. Azaroan Tolosako Titirijaien jaialdiaren egitarauean ere izango da.