Arkaleko harkaitzetan kokatzen den Erdi Aroko Beloaga gaztelua berreskuratzeko proiektua gauzatu dute Oiartzungo Udalak eta Beloaga Bizirik elkarteak, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Hiru erakunde hauek Oiar-tzungo ondare historikoko elementu hau leheneratzeko eta jende gehiago bertara iristeko lanean ibili dira azken urteetan.

Gogorarazi dutenez, 2010ean hasi zen Beloaga Bizirik gotorlekuaren aztarnak eta memoria historikoa berreskuratzen. Garai hartan sasi eta ote artean ezkutatuak zeuden gaztelu izandakoaren arrastoak.

“Bertan gaztelurik egon zenik ez zen antzematen. Auzolanean ingurua garbitzeari ekin zioten eta orduan hasi ziren pixkanaka herriko historiako altxor hau berreskuratzen”, adierazi dute Udaletxetik.

2015ean hitzarmena sinatu zuten Oiartzungo Udalak, Beloaga Bizirik taldeak eta Aranzadik berreraiki-tzeko proiektua martxan jartzeko. Hiru fasetan egin dute. Lehenengoan dorre nagusiaren hormak konpondu zituzten. Bigarrenean arma plazako paretak berritu zituzten. Bukatu berri duten azken fasean, gaztelura joateko irisgarritasuna hobetu dute.

Hortaz, egitura nagusia berreraikita, herritarrak eta bisitariak bertara joan eta gotorlekuaren historia ezagutzera emateko lanak egin dituzte. “Nor garen ulertzeko ezinbestekoa da nor izan ginen, nondik gatozen eta zer gertatu zen ezagu-tzea”, azpimarratu dute.

Arestian aipatu bezala, gaztelura iristeko bidearen irisgarritasuna hobetu eta segurtasun neurriak jarri dituzte. Dorre nagusira igotzeko eskailerak egin dituzte eta plataforma bat ezarri dute bertan.

Hobekuntza hauek ez dute inpak-turik izan hormetan. Esku-hartzea egiterakoan bereziki zaindu dituzte erabilitako materialak, inguruan ahalik eta eragin txikiena izateko. 132.500 euroko aurrekontua izan du hirugarren fase honek.

Panel informatiboak jarri dituzte bertan pasatakoa kontatzeko. Inguruko txoko garrantzitsuak ere markatuta daude karteletan: mairubaratzak, Andrearriagako hilarria, Arkaleko behatokia, Langile Batailoien barrakoiak… “Naturaz eta inguruko paisaiaz gozatu eta iraganera bueltatzeko aukera paregabea dugu Beloagan”, baieztatu dute Udaletxeko iturriek.

Izan ere, Erdi Aroko Beloaga gaztelua garai hartatik Gipuzkoan kontserbatzen direnen artean garrantzitsuenetakoa da. Oiartzungo bailara bostehun bat urtez babestu zuen Beloagak.

Erdi Aroa

“Gotorlekuaren egitekoari dagokionez, Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela esan izan dute edo agian behealdeko betiko igarobidearen kontrola izango zuen helburu”, uste dute Aranzadin.

Izan ere, indusketetan Erdi Aroko geldikinak aurkitu zituzten: hezurrak, zeramika puskak, XIII-XIV. mendeen arteko gezi-puntak eta XV.eko txanponak.

Nafarroatik gertu zegoen gaztelua, eta Nafarroa eta Gaztelako erresumen arteko liskarrek eragina izango zuten bertan. Azkenean, 1466an Enrique IV.ak suntsitu zuen.

“Gaztelua birrinduta, kokalekua, beti estrategikoa, erabili zuten hainbat gerratan, Konbentzio gerran eta karlistaldietan bereziki. II. Karlistaldian eginiko fuerteari Arkale esaten zioten”, jasotzen da Aranzadiren orrialdean. Egun Karlistaldiko aztarnak dira gehienbat ikusten direnak. Erdi Aroko gaztelua, hiru barrutiz jarraian eta mailakatuak osatua omen zegoen.

“Bertako hormak Euskal Herriko historiaren lekuko izan dira. Hainbat gertakari bizi izan ditu; 1200. urteko Nafarroako konkista, karlisten garaia eta 36ko gerra, besteak beste. Azkenik, 2016. urtean Kultur Ondasun izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak”, laburbildu dute.