Giro ezin hobea Gurea frontoian 51. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketaren finaletan. Gaztetxoenak izan ziren lehenak kantxara ateratzen larunbat goizean jokatu ziren finaletan. Intza Orozkok eta Haize Aramendik benjamin aurrekoen txapela lortu zuten Nahia Astigarraga eta Julen Oteizaren kontrako finalean (16-14). Benjamin mailako finala Ekain Aramendik eta Jon Azpiazuk irabazi zuten, Oihan Campo eta Eddy Romerori irabaziz (16-13). Ondoren alebin mailako pilotarien txanda izan zen. Zuhaitz Vela eta Ekain Juaristi garaile atera ziren Denis Santos eta Aratz Orozkoren kontrako finalean. Lehia gogorra izan zen baina azkenean Zuhaitz Velak eta Ekain Juaristik finala bereganatu zuten (16-14).

Partiden programa infantil mailako finalarekin bukatu zen. Unax Irulegik eta Erik Ariztegik 18-13ko garaipena lortu zuten Alex Espada eta Pello Alkortaren kontra.

Partaidetza

Oteiza Pilota Elkarteak antolatzen duen txapelketa inoiz baino partaide gehiago izan ditu. Antolatzaileek adierazi zutenez, aurten 66 pilotarik parte hartu dute txapelketan eta 70 partida jokatu dituzte, guztira.