Aurten ere egitarau eta ospakizun egun ezberdinez beteriko festak bizi izan dituzte asteasuarrek. Ostegunean izan zen egun nagusia, San Pedro eguna eta festa giroa nagusi izan zen. 10.00etan Dianarekin eguna hasi ondoren, herriko plazan bertso saioa eta gauean Laiotz taldearen erromeriak izan ziren, besteak beste.

Ostiralean, San Pedro eguneko festaren ondoren atsedenerako denbora gehiegirik hartu gabe, kuadrillen eguna ospatu zuten asteasuarrek. Kuadrillen arteko herri bazkaria izan zuten eta bazkal ostean Andoni Ollokiegik kontzertua eskaini zuen. Festarekin jarraituz ‘Elektrotxufla’ elektro txarangak girotu zituen kaleak arratsaldean, eta egunarekin amaitzeko, gauean DJ Fresa Morango izan zen musikaren gidaria.

Asteburu guztian zehar ere izan da festarako tartean Asteasun. Larunbatean haurren eguna izan zen eta gazteenek festaz gozatu zuten. Goiz guztian zehar jolas ezberdinak eta puzgarriak izan ziren herriko plazan, eta bazkariaren ondoren, patata tortilla hoberena egitea helburu lehian aritu ziren parte hartzaileak. Larunbatari bukaera emateko, herriko elektro txarangaren emanaldia izan zen.

Atzo bukatu zituzten festak jubilatuen ospakizun egunarekin.11.00etako mezari jarraituz aizkolariek herri kirolen erakustaldia egin zuten Asteasuko plazan, eta jubilatuen bazkariaren ondoren, erromeria izan zen. Festei amaiera emateko egiten den sorginaren igoera egin zuten 21.00etan, eta datorren urtera arte agur esan zien festei.