Hurrengo egunetan, Lazkao hainbat musika ekitaldiren agertoki nagusia bihurtuko da. Izan ere, Lazkaoko Musika Bandaren Pop up gaua, Burrunda euskaraokea, eta Korrontzi eta Oin Arin Dantza Taldearen ikuskizun bateratua izango dira.
Lazkaoko Musika Bandaren emanaldia izango da hiruetatik lehenengoa. Gaur, gaueko 20.15etatik aurrera, pop-rock abesti ospetsuak joko dituzte, San Benito ikastolako zelai estalian.
Burrunda euskaraokeak, berriz, Herriko Plaza musikaz alaituko du asteartean, uztailaren 4an. Saioa 19.00etan hasiko da eta bertan momentuko taldeen abestiak kantatzeko aukera izango dute bertaratutako haur, gazte eta heldu guztiek.
Azkenik, Korrontzi eta Oin Arin Dantza Taldearen ikuskizunaren txanda izango da. Dantza talde lazkaotarrak 57 urte beteko ditu aurten, euskal dantzak oinarri izanda. Korrontzik, aldiz, 19 urte daramatza oholtza gainean, Euskal Herriko musika tradizionala eta herrikoiari bultzada emateko asmoarekin. Urte guzti hauetan zehar, talde bizkaitarrak Euskal Herriko folk musikari gaurkotasuna erantsi dio, trikitiaren esparrua oinarri hartuta. Bi euskal taldeek asteazkenean eskainiko dute elkarrekin prestatutako kontzertua, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.