Urumea ikastolako eraispen lanak eta geratu den eremua aparkaleku bihurtzeko lanak amaitu dira. Hori dela eta, Hernaniko Udalak aparkalekua berriro ireki du. Guztira, 35 plaza inguru egongo dira erabilgarri. Aditzera eman dutenez, pintaketa lanen bat edo beste falta dira, baina zorua lehorra egon arte itxaron beharko dute langileek.

Aparkaleku hori irekitzearekin batera, Gudarien plazan behin-behinean sortutako aparkalekua desagertuko da. Hortaz, ordutegiak eta arauak lehengora itzuliko dira eta soilik zamalanetarako aparkatu ahalko da goizez. Arratsaldez, beraz, ezingo da ibilgailurik sartu, ohikoa zen moduan.

Edonola ere, normaltasunera itzultzeko parentesi bat egongo da. Izan ere, gaur hasiko dira sanjoanak eta plaza hori ekitaldiz eta jendez beteko da eta zamalanak ere ezingo dira egin 27ra arte. Hortaz, 28an itzuliko da plaza lehengo modura.

Gogoratzekoa da 2011n onartutako HAPOn (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) aurreikusten dela Urumeako espazio horretan plaza bat eta lurpeko aparkaleku bat eraikitzea. Publikoa eta errotaziozkoa izatea erabaki zuen Udal Gobernuak eta garapen hori bideratzeko 1,4 milioi euroko partida bat erreserbatuta dago. Eremu horrekin batera, Izpizuatik Atsegindegira doan eremua ere garatuko da.