Aurkeztu dute San Joan festen ondoren Tolosan ospatuko den Tolosand Blues jaialdia. Ekainaren 29an hasi eta uztailaren 3ra bitarte mundu mailako talde zein musikariak ariko dira kontzertuak eskaintzen. Aurten ere, 19.urtez, egitaraua zabala antolatu da.
Aurkezpenean, Tolosako Kultura zinegotzia den Goiuri Eceizak, Andu Martinez de Rituerto alkatearekin batera, Udalaren eta herriko kultur eragile ezberdinen arteko elkarlana goraipatu nahi izan zuen. Antolakuntza lanetan aritzen den Iñigo Martinen lana ere ezinbestekoa dela nabarmendu zuen eta urtero egiten duen lana eskertu zion.
Nazioarteko musikari ezberdinez osaturiko egitaraua izango da aurtengoa. Martinek uztailaren 1ean Plaza Berrian 23.00etan ariko den Shanna Waterstown musikariaren kontzertua nabarmendu zuen. Bere esanetan “egungo blues, soul eta gospel abeslari famatuenetako bat da”. Uztailaren 2an Plaza Berrian 20.00etan izango den Tommy Castro & The Painkillers taldearen kontzertua ere azpimarratu zuen. Azken hamarkadetako blues musikari hobenetarikoa izan dena Euskal Herrian lehen aldiz ariko da. Aurten gainera, gitarra masterclass bat eskainiko du kultur etxean uztailaren 3an 19.00etan.
5 egunez herriko gune ezberdinetan 8 kontzertu eskainiko dituzte beste hainbat gonbidatuek.