Sanjoanetan egin ohi den erasoen aurkako kanpaina aurkeztu dute Hernaniko mugimendu feministak, txosna batzordeak, Amher SOS-Arrazakeriak eta tabernen eta Udalaren ordezkaritza zabalak.

Urtero bezala, indarkeria sexistarik gabeko gunea, Nafar Kalean kokatuko da. Ekainaren 23an, 24an eta 25ean eskainiko du zerbitzua, 18.00etatik 22.00etara. Postu honen helburua jendartearen kontzien-tziazioa lantzea eta informazioa ematea da.

Bestalde, erasoen arretarako telefonoa (tel.: 688 685 164) erabilgarri izango da egunean 24 orduz festek irauten duten bitartean.

Aurten, berritasun modura, brigada izango da: mugimendu feministako kideak ekainaren 23an eta 25ean, arratsaldeetako lehen orduetan, tabernetatik erronda egingo dute erasoen inguruan jarduteko eta protokoloa gogorarazteko.

Astelehenean Ezkiaga pasealekuko eskaileretan bildu ziren ordezkariek irakurri zuten testu bateratuan ondorengoa aldarrikatu zuten: “Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpea bilakatzea”.

“Jaietan ere egunerokoan gerta-tzen diren zapalkuntza eta diskriminazioa ere gertatzen dira. Jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea da urtero bezala gure aldarrikapena”, gaineratu zuten.

Alabaina, “jai egunetan eta eremuetan intentsitate desberdineko erasoak sarriago gertatzen dira: eraso matxistak, arrazistak, irainak, eraso fisikoak, ukituak, bortxaketak”, adierazi zuten.

Andoain

Andoainek ere hilaren 23tik 27ra San Joan jaiak ospatuko ditu eta bertan antzeko protokolo bat landu da eraso matxisten kontra. Gune Morea ipiniko da (Pio Baroja kalea). 23 eta 24an zerbitzua emango du, 20.00etatik 8.00etara (tel.: 676 567 724).