Andoaingo sanjuanak ospatuko dira ekainaren 23tik 27ra. Festak ostiralean 19.00etan hasiko dira futboleko Euskalduna klubaren pregoia eta txupinazoarekin eta zertaz gozatua izango da bost egunetan.

Ekitaldi gehienak asteburuan bilduko dira: Axeri dantza, txuleta jana, danborradak, zesta punta eta herri kirolak, bertso jaialdia eta artisau-tza feria eta janari azoka izango dira, besteak beste. Astelehena haurren eguna izango da eta asteartea, ordea, adinekoena. Kontzertuei dagokienez, ETS, Zea Mays eta Bulego bezalako taldeak etorriko dira.

Udalak hainbat ohar kaleratu ditu. Zirkulazioari dagokionez, sanjuanetan ezingo da Goikoplazan kotxez ibiltzerik izango. Horren ordez, Bertxin kaletik igo edo Erroitz kaletik (La Salle ikastetxearen atzealdetik) ibili beharko da. Jaisteko Aierbe aldeko bidetik Joakin Larreta aldera edo Erroitz kalera gidatu beharko da.

Bestalde, festak bukatu arte debekatuta egongo da Arrate plazan aparkatzea, bertan feriak kokatu direlako.

Hala eta guztiz ere, kotxea ahalik eta gutxien erabiltzeko, asteburuko gauetan autobus zerbitzua egongo da 00.00etatik 3.30era. Hiribusaren geldialdiez gain, eskatzen den beste tokietan ere geldituko da.

Festak amaitzeko, astearte gauean Cavaldeath, pirotecnia erabiltzen duen ikuskizun ibiltaria, antolatu da eta honek hainbat neurri eskatuko ditu. Juanita Alkain plazatik abiatuko da eta Kale Nagusia gurutzatu ondoren, Goikoplazara iritsiko da. Beraz, ibilbidean dauden saltoki eta tabernek leiho, ate eta erakusleihoetako kristalak paper gogorrarekin edo kartoiarekin babestu beharko dituzte eta toldoak bildu beharko dituzte.

Publikoari, aldiz, arropa bakeroa eta bururako estalkia eramatea gomendatzen zaio.

Azkenik, aurten ere Gune Morea ipiniko da Pio Baroja kalean, hilaren 23 eta 24an, 20.00etatik 08.00etara (tel.: 676 567 724).