Nerea Murillo Telleria urretxuarrak irabazi du Santa Isabel jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa. 22 urte ditu eta Diseinu Industriala ikasi du Arrasaten. Irudi aholkularitza enpresa batean lan egiten du. Iaz, Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa irabazi zuen.
19 lan aurkeztu dira lehiaketara. Epaimahaia Begoña Idiakez Alberdi, Iñaki Mariñelarena Sanz eta Josu Maroto Peñagarikano artistek osatu dute. Murilloren lana onena izan dela epaitu dute eta egileak 300 euroko saria jaso du. Lehiaketa irabazi duen lana eta gainontzeko guztiak Zelai Arizti kultur etxeko sarreran ikusgai jarri dituzte.
Murilloren lanaren izenburua Guztiok lotzen gaituen haria da eta Santa Isabel eguneko jaitsierako giroa jaso du bertan. “Jaitsiera jaietako ekitaldi esanguratsuena dela uste dut. Guztiok parte hartzen dugu: dantzariek, txistulariek, trikitilariek, gainontzeko herritarrok... Guztiok gara protagonista”, esan du.
Jaietako egitarauaren azalean azalduko den marrazkian dantzariak, txistulariak, trikitilariak eta gainon-tzeko herritarrak ageri dira. Lehen planoan txistulari bat ageri da (Endika Altzelairen antz handia du...) eta txistuak J letraren forma du. Hala, Murillok txistu hori Jaiak hitzaren lehen letra idazteko erabili du.
Sari banaketa ekitaldia atzo izan zen, kultur etxean bertan. Mikel Serrano alkateak lehiaketara oso lan ezberdinak aurkeztu direla azpimarratu zuen. “Teknika eta ikuspuntu oso ezberdinak dituzten lanak aurkeztu dituzte lehiaketara. Izan ere, bakoitzak bere erara bizi ditu Santa Isabel jaiak. Askok jaiak Antiorekin lotzen dituzte, baina beste askok ez”.
Zumarragan festa usaina dago jada. Danborradan parte hartuko duten haurrek entseguak hasi dituzte dagoeneko. Astelehenean hasi ziren. Astelehenetik ostegunera entseatuko dute, La Salle-Legazpi ikastetxeko gimnasioan: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek 18.00etan eta gainon-tzekoek 19.00etan. Elkarteen danborradako lehen entsegua datorren astelehenean izango da: toki berean, 20.00etan.
Bestalde, kuadrillek Santa Isabel egunean ermitaren atzealdean jarriko diren mahaien zozketan izena eman dezakete dagoeneko. Kultur etxera jo behar da, asteazkena baino lehen. Zozketa datorren ostiralean izango da, 13.00etan, kultur etxean.