Síguenos en redes sociales:

Zumarraga: Ekintzailetza kooperatiboa bultzatzeko saioa

Uggasa garapen agentziaren UG Koop egitasmoaren Asteazken Kooperatiboak topaketetako azken saioa izango da

Uggasa garapen agentziak, Biziola kooperatibarekin eta Aldundiarekin elkarlanean, UG Koop ekimena abiatu du. Helburua ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzea da. Horretarako, Asteazken Kooperatiboak izeneko topaketak antolatu dituzte. Hurrengo saioa asteazkenean egingo dute 18.00etan Zumarragako kultur etxean.

Asteazkeneko saioan UG Koop ekimenak 2022-2023 ikasturtean izandako ibilbidea baloratuko dute. Landutakoa errepasatzeaz gain, aurrera begira sortu litezkeen proiektuez hitz egingo dute. Deialdia irekia da. Aurreko saioetan parte hartu dutenei zuzendua dago, baina baita gaian interesa duen beste edozeini ere.

Saio hauek Uggasako ekintzaile-tza arloak antolatu ditu, eskualdeko lehiakortasun estrategiari erantzunez. Bertan, ekonomia sozialaren garrantzia azpimarratzen da: partaidetzan eta lankidetzan oinarritutako proiektuak sustatzearen garrantzia eta modu kooperatiboan sortutako ekintzailetza proiektuei babesa ematearen garrantzia.

Asteazken Kooperatiboak eskualdeko arlo edo sektore ezberdinetan izan daitezkeen erronken inguruan hausnartzeko espazioak izan dira. Hausnarketa sustatu eta aberasteko, beste leku batzuetan jada martxan dauden proiektuak ezagutzera eman dituzte.

Abenduan ekin zioten: UGLE lanbide eskolako goi mailako ikasleekin ekonomia sozial kooperatiboaren balioak sustatzeko saio bat egin zuten. Urtarrilean lehen Asteazken Kooperatiboa egin zuten. Kulturgin-tzari egin zioten keinua. Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba eta Aiaraldeako Ekintzen Faktoria gonbidatu zituzten. Otsailean berriz, elikadura burujabetzaz aritu ziren: Herrerako Sukaldea, Bergarako Ereindajan eta Biziola ekimenak aurkeztu ziren.

Martxoan, basogintzan jarri zuten fokoa. Parte-hartzaileek Errez kooperatibaren jarduera ezagutu zuten. Bukatzeko, apirilean merkataritza txikiaz hitz egin zuten. Horretarako, hiru kooperatiba ezagutu zituzten: Itsasondoko janaridenda, Bakaikuarrok Herri Kooperatiba eta Igeldokoa, hain zuzen ere.