Zumaiako EAJk lanean jarraituko du lau urtez herria hobetzeko konpromisoarekin. Egunkari honi adierazi dio eskerrak eman nahi dizkiola “gugan konfiantza jarri duzuen zumaiar guztioi”. Herri hobe bat eraikitzea da beraien konpromisoa eta horretarako egingo dute lan udalean, “orain arte bezala, Zumaia eta zumaiarren alde”.

EAJko sei zinegotzik ekingo diote legealdi berriari. “Lana egoki egitea dagokigu alternatiba sendo bat eraikitzeko. Zorionak eman nahi dizkiogu EH Bilduri lortutako emaitzagatik”, esan dute alderditik. Azkenik, espero dute datozen lau urteetan lankidetzarako aukerak izatea.