Hauteskunde egunaren ondoren, Pasaiako EAJk lehen balorazioa egin du eta pozik agertu da: “Zinegotzi kopuruari eutsi diogu eta 1.599 pasaitarren babesa jaso dugu, bigarren indar bozkatuena izanik. Bihotzez eskertzen dugu gure hautagaitzan jarritako konfiantza”.

Aurreratu dutenez, talde politiko guztiekin harremanetan jarriko dira: “Elkarguneak bilatuko ditugu eta programak mahai gainean jarriko ditugu akordioak lortzeko”.

Halaber, jeltzaleek EH Bildu alderdi bozkatuena zoriondu dute, udal hauteskundeetan lortutako emai-tzengatik eta Udalbatza berria osatuko duten gainerako alderdiak ere bai, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos.

“Kanpainan zehar ikusi dugu 2019-2023 legegintzaldi honetan landu ditugun proiektu asko gainerako alderdi politikoen hauteskunde programa guztietan edo ia guztietan sartu direla, eta, beraz, programa horiek ahalik eta babes handienarekin garatzea espero dugu, guztiok Pasaia hobe baten alde eta etorkizunera begira lan egin dezagun”, gogorazi du Loreto Osa zerrendaburuak.

“Pozik gaude urte hauetan egindako lanarekin, Hirigintza eta Ingurumena, Gazteria edo Euskara bezalako sail garrantzitsutan buru izanik”, nabarmendu du.

Oiartzun

Bestalde, Oiartzungo EAJk eskerrak eman dizkie beregan konfiantza jarri duten 1.063 oiartzuarrei. “Lau zinegotzirekin ekingo diogu legealdi berriari. Lana gogor egitea dagokigu alternatiba sendo bat eraikitzeko”, adierazi dute ohar batean.