Atzo, Xabier Ormazabalen oroimenezko festa egin zuten Urretxuko Labeaga aretoan. Hasteko, Xabier Ormazabal beka deialdiaren aurkezpena egin zuten. Ondoren, 2019ko bekaren irabazlearen eta 2021eko bekaren irabazlearen ikus-entzunezkoak eman zituzten. 2019ko edizioa Ander Zabalzak irabazi zuen. Zabalza Artikotik gertu dauden parajeetan bide berriak ireki ditu. 2021eko beka, berriz, Maialen Rojok irabazi zuen. Alpeetan bide berri bat ireki du.

Areizaga eta Txikon

Mokadutxoa egin aurretik, beste dokumental bat eman zuten: Alex Areizaga zumarragarraren Itzalak. Bilboko Mendi Film lehiaketara aurkeztu zuen, abenduaren 13an, sail ofizialean. Bukatzeko, Alex Txikonek Manaslu neguan ikus-entzunezkoa eman zuen. Txikon Manaslu mendia neguan eta oxigeno artifizialik gabe igo duen lehen alpinista izan da.

Festa hau Xabier Ormazabal zenaren omenez antolatzen da. Xabier Ormazabal 2004ko urrian hil zen, Cho Oyu jaisten ari zela. 23 urte bakarrik zituen. Ordurako, SESB-eko mendi altuenak, Shisha Pangma eta Cho Oyu mendiak igoak zituen. Txikonek Ormazabalekin egin zuen bere lehen espedizioetako bat.