Bi-Tartean merkatari elkarteak irudi berria aukera-tzeko lehiaketa antolatu du. Epaimahaiko kideek bi lan aukeratu dituzte lehiaketara aurkeztutakoen artean eta orain herritarrek bi horietako bat hautatu behar dute.
Bi lanak, eta lehiaketara aurkeztutako gainontzeko guztiak, Zumarragako kultur etxeko sarreran daude. Bozketa asteazkenean hasi zen eta ekainaren 7an amaituko da.
Parte hartu nahi duten herritarrek kanpainara atxikitako establezimenduetan egindako erosketen tiketak erabili behar dituzte botoa emateko: atzean proposamen gustukoenaren zenbakia jarri behar dute eta beraien izen-abizenak eta telefono zenbakia idatzi. Tiketak kultur etxeko erakusketa aretoan dagoen kutxan sartu behar dira. Bozkatzen duten guztien artean 30 euroko lau erosketa bale zozkatuko dituzte.
Bi-Tarteanek elkartearen 33. urteurren ospakizunen barne antolatu du lehiaketa hau. Datozen asteetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte: establezimenduak eta batez ere atzean dauden profesionalak hobeto ezagutzera emango dira, establezimendu hauek kokatu egingo dira (plano komertziala egingo da), tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu enpresen eguna ospatuko da, herriko jai ezberdinetan parte hartuko da eta elkartearen urteurren festa egingo da.