Erremontari txapelketaren helburua erremonteari ikusgaitasuna ematea eta kirol modalitate hau zabaltzea da. Apirilaren 17an hasi zen eta partidak astelehenetan jokatzen dira, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. ETBk partida guztiak ematen ditu. Sei bikote ari dira parte hartzen. Bakoitzak sagardotegi bat ordezkatzen du: Urriza-Martirena (Alorrenea), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Segurola-Juanenea (Bereziartua), Ansa II-Zaldua (Aburuza) eta Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta).

Ligaxka fasean guztiek elkarren aurka jokatuko dute eta lau bikote onenek ekainaren 5eko finalerdietarako txartela lortuko dute. Partidak 18.00etan hasiko dira eta Zumarraga eta Urretxuko bizilagunek jardunaldia eta telesailaren grabaketa doan ikusteko aukera izango dute. Horretarako, aldez aurretik Ispilla kiroldegian gonbidapena jaso beharko dute.

Zumarragarrek eta urretxuarrek Erremontari txapelketako finalerdiak doan ikusteko aukera izango dute eta Erremontari Herriz Herri txapelketako finala Zumarragan jokatuko da.

Aurten, estreinekoz, Erremontari Euskal Herriko udalerri ezberdinetara zabaldu nahi izan dute. Hori dela eta, Erremontari Herriz Herri txapelketa abian jarri da. Txapelketa honek Galarretako frontoi luzea (54 metro) utzi eta beste herri batzuetako frontoi motzetara (36 metro) egin du salto. Zortzi jardunalditan zehar, Oriamendi enpresako pilotari guztiek parte hartuko dute eta lau pilotari onenek Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dituzte finalak ekainaren 18an. Bikoteak ez dira finkoak izango eta puntuaketa onena duten lau erremontistek (eginiko tantuen eta huts egiteen kenketaren emaitza) jokatuko dute talde bakoitzeko finala.