Zumarragako EH Bilduk Arcelorreko Plan Bereziaren tramitazioa “irregularra” izan dela salatu du.

EH Bilduren udal taldeak, Plastic Energy enpresa ezartzea aurreikusten duen Arcelorreko Plan Bereziaren tramitazioa modu irregularrean egiten ari dela jakinarazi dio alkateari. “Gobernu taldeak murriztu egin ditu hirigintza araudiak eska-tzen dituen planaren jendaurreko egunak, parte hartzea mugatu eta presaka tramitatzeko. Hirigintza araudiak ez betetzea oso larria da eta horren atzean plastiko errauskailua eraikitzeko egitasmoa atzera bueltarik gabeko prozesua izatearen asmoa dago. Hori da izapidetzearen berehalako gelditzea eskatu izanaren arrazoia: aipatutako irregulartasuna berehala zuzentzen ez bada, izapidetzea errekurritu eta Plan Bereziaren izapidetzearen prozesua geldituko dugu”.

Alegazioak aurkezteko denbora tartea laburra izanda ere (legeak arautzen dituen 45 egunetatik 20 jarri zituztela dio EH Bilduk), Plastic Energy-ren ezarpena dakarren Plan Bereziari hainbat alegazio aurkeztu dizkiote. “Planetik Plastic Energy-ren inguruko aipamena kendu behar da, horrek beste enpresa batzuei bidea itxi baitakie. Hamarkadetan gure etorkizuna baldintzatu dezakeen proiektu baten inguruan herritarrek izan dezaketen iritzia eta parte hartzea ez da bermatu. Plastiko errauskailu batek ingurumenean, osasunean zein ekonomia alorrean izan dezakeen eraginaren inguruko azterketarik ez dago”.